SinesGune Kristau euskaldun bidelagunak: III. topaketea Arantzazun urriak
17, zapatua
Loiolan lehen topaketea, Estibalizen bigarrena, hirugarren topaketea
Arantzazun izango dogu. Gai nagusia Bitoriano Gandiaga: fededun poeta honen
heriotzaren 25. urteurrenean. Erdu!
Fuente: arratiaeliza
Menditik Kostara
01/10/2026
2026ko
irailaren 29a
Agur
t’erdi, adiskideok!
Uztailean
bidalitako mezuan SinesGuneren hurrengo topaketaren berri eman genizun, hots,
urriaren 17an, larunbata, Arantzazuko santutegian egingo dugunarena.
Dakizunez,
gaia Bitoriano Gandiaga izango da, haren heriotzaren 25. urteurrena dela-eta.
Hortaz, topaketaren helburua Gandiagaren lanaz gogoeta egitea, haren ondareaz
jabetzea eta haren lanak gaur egun zer dioskun hausnartzea izango da.
Hiru
hizlari izango ditugu: Jose Mari Kortazar, Paulo Agirrebaltzategi eta Sebastian
Gartzia Trujillo. Goizean, ordu erdiko hitzaldi bana eskainiko digute,
bakoitzak bere aurkezpenean Gandiagaren lanaren alde bat aztertzeko:
-“Arantzazu: Harri eta elorri… Euskal Herri” (Paulo
Agirrebaltzategi).
- “Euskal
erlijioaren markak Gandiagarengan” (Sebastian Gartzia).
- “Erlijio
gaia Gandiagaren poesian” (Jose Mari Kortazar).
Hori
horrela, goizeko egitaraua ondorengoa izango da: ordu erdiko hitzaldi bat
entzun eta horretaz beste ordu erdiko solasaldia izan guztion artean. Hortaz,
goizez, hiru hitzalditxo eta hiru solasalditxo izango genituzke.
Arratsaldez,
mahai-inguru bat egingo dugu hiru hizlariekin. Mahai-inguruko horren mintzagaia
ondorengo hau izango da: Gandiagaren lanak (pentsaera, gogoetak, kezkak…) zer
diosku euskaldun fededunoi gaur egun; zertan lagundu gaitzake, zer iradokizun
egiten dizkigun…
Azkenik,
arratsaldean bertan, eukaristia ospatuko dugu, hainbat arrazoi baititugu
eskerrak emateko.
Larunbateko
saioaz gain, nahi dutenek igandean ere jarraitu dezakete eta gaua Arantzazun
bertan eman. Igandeko plana erretiroaren modukoa izango litzateke, Gandiagaren
testuek lagunduta, otoitz egin eta gure otoitza partekatu eta gure fedea
ospatu. Ziur aski, igandeko saioan parte hartzeko lekua mugatua izango da,
ostatuko baldintzak direla-eta; hortaz, kopuruz gaineko eskaera balego, izena
ematearen hurrenkeraren arabera egingo genuke.
Honekin
batera, inprimaki bat bidaltzen dizugu izena emateko. Larunbateko kostua (lekua
eta janaria) 40 euro izango da. Larunbataz gain, igandean ere parte hartu
dutenentzako kostua hau izango da:
- Gaua eta gosaria: 35 euro
- Bazkaria: 30 euro.
Izena
emateko, inprimaki bat bidaltzen dugu, epea urriaren 7ra arte zabalarik
dagoelarik.
Ordainketa
egiteko moduari dagokionez, izena emanda izango dutenei esango diegu
Galderarik,
iradokizunik eta proposamenen bat baduzu, ez izan zalantzarik eta idatzi edo
deitu iezaguzu (sinesgune@gmail.com).
Animatu
zaitez eta eman izena!
Besarkada
bero bat
Estibalizko topaketea
Gaur ospatu da Estibalizeko
Santutegian Loiolako batzarraren jarraipenea izan dan lan eguna. Talde izena
aukeratu da: SinesGune. Kristau euskaldun bdelagunak. Goizean, izena
aukeratu aurretik, “Kristau argitan euskaldun, gaur eta geroko eginbidean”
gogoeta aurkeztu dau Jon Mentxakatorrek. Lan sakona, trinkoa, aberasgarria.
Bazkariaren ostean, bizipen
batzuen barri partekatu eta hurrengo hitzordua jarri da: urriaren 17an,
zapatua. Batzordeak esango deusku non, lantzeko gaia eta dinamika.
Eukaristia ospatuz, Koldo Katxo
jesuitea buru zela, amaitu da topaketa aberasgarri hau.
Jarraian, partekatu diren gogoeta
batzuen zatitxoak, kronika hau luzeegia ez egitearren.
Amaitzeko eskerrik asko
antolatzaileei, egin daben beharragaitik hau guzti hau martxan jartzeko.
Partekatu diren gogoeta
batzuk
Eskerrak bihotz bihotzetik gutun
idazleari.
Errealitatea aztertzen du,
behaketa sakon bat egiten du, eta bizitzarako beharrezkoak diren elementuak
ematen ditu, pertsona ororen bizitzarako, nornahi dela ere eta nonnahi dagoela ere: euskera; fedea; kultura;
misterioa; transzendentzia; tradizioa; mistizismoa, elementu hauek etengabe presente dagoen
"iturri" hitzaz inguratuta. Or.11,16&2 Ebanjelioa ez
da agortu, haren iturria ez baita mundu
honetakoa.
Maite Iratzoki
Bainan zertan, Norengan dugu
ESPERANTZA ?
Premiazkoena. Jainkoak maite
duela jendea hau ahantzezina dela guretzat kristau bagira.
Atxik dezagun fedearen argitxoa
pizturik.
Eta, Peguy idazleak zion bezala,
«esperantzaren neska ttikiak» argi hori eskain diezola Herri huni eta munduari,
baitu beharra.
«Ebanjelioa ez da agortu, haren
iturria ez baita honetakoa.
Zorionekoa zu, beraz, altxor
handi baten jabe baitzara»
Zure azken hitz horrekin bukatuko
dut hortan sinesten baitut finki, eta besteek ere jasta dezaten hortarik
amesten aspaldian.
Graxi Solorzano
Argiguneak Jon Mentxakatorreren
testuan
1. Euskal Herrian euskaldun eta
kristau fededun izatearen errealitatearen deskribapena:
a. gutxiengoa izatea
b. ez fama onekoa
c. tradizioaren etenaldia.
2. Esku artean dugun altxorraren
kontzientzia.
3. Badugu zerbait inportante
eskaintzeko gure garaikideei eta hurrengo belaunaldiei.
4. Gure une historiko hau oso
egokia izan daiteke benetako kristau fedean sakontzeko: “euskaldun fededun
izateko inolako beharrizan edo irabazi mundutarrik ez dagoenean, haren
presentziaren arrazoi bakarra da:
Jesukristoren bizipena (2.)
5. Ilustrazio aurreko eta osteko
tradizioak aurrez aurre jarri beharrean, modu kritikoan uztartzea. Testuinguru
horretan, antropologia birpentsatzearen beharra –amaitu gabeko solasaldietako
bat (3. or).
6. Garai guztiak zailak izan
dira. Gure garai honek aukera paregabea ematen digu fedean sakontzeko (baita
gure identitate kulturala garatzeko aukera ere).
7. Garai guztiak zailak izan
dira. Beste une historiko latz batzuetan zer eredu iradokitzaile izan dugun
ikertzea interesgarria da.
8. Sakratutasunarekiko
sentiberatasuna eta espiritualtasuna jorratzeko beharra.
9. Erronka iradokitzailea: Euskal
Herrian eta Euskal Herritik jorratzea teologia, mistika eta etika.
Luzio Uriarte
Bestetik, zail
egiten zait irudikatzea Euskal Eliza moduan aparte "borroka" egitea.
Esan bezala, fededunok oro har oso gutxi gara, gutxiengo handian
gaude. Eta bertan euskaldun fededunok gutxiengoaren gutxiengoa.
Zelan egin,
beraz, lan? Gure inguruko eliza osoarekin ( euskal elizbarrutiak) batera
ala gure kabuz? Badago erdiko biderik?
Eta euskararen
aldetik, ba al dago beste euskaltzale batzuekin, sinistedunak izan
zein ez, indarrak batzeko aukerarik?
Izan daiteke bide
bat beste euskaltzale batzuekin batera kausa baten alde lanean
aritzearekin batera ebanjelizatze-lana egitea eta hautsitako zubiak
berreraikitzen hastea?
Gauza gehiago
adierazi nahiko nituzke, baina momentuz hauxe da idatzi ahal dudana.
Izan bedi larunbat
betea lanerako eta senidetasunerako.
Aitor
Etxebarria
FEDE BIZIPENAK
PARTEKATZEKO PROPOSAMENA
2026ko martxoa
1. Proposamenaren testuingurua
Kristau fedea –oro har, fede
erlijioso oro– bizipen bati lotzen zaio. Bizipen hori falta bada, ideien
arkeologia egin dezakegu, baina ez dago erlijio bizirik.
Kristautasuna pertsonaren
bizipenean errotzen eta mamitzen da eta ez teologoen gogoetetan; gogoeta horiek
soilik baliotsuak izango dira pertsonaren bizipenei mesede egiten badie. Dogmek
ez dute kristautasunaren bizipena ziurtatzen; dogmak bizipenen zerbitzuan
daude, eta ez alderantziz. Jakina, pertsonaren bizipena ez da nahikoa esateko
kristau bizipena dagoenik, baina pertsonaren bizipena ezean ez dago kristau
federik.
Bizipen pertsonalak pertsonaren
narrazioan azaltzen dira. Bizipenak pentsatu baino lehenago, baino gehiago
narratzen dira. Egia da narrazioa beti mugatua izango dela baina pertsonaren
bizipen sakonak komunikatzeko zubia da, pertsonen subjektibotasunak
komunikazioan jartzen dituen zubia.
Bide batez, beharbada
interesgarria da ohartaraztea ebanjelioetako testuen helburua ez dela historia
(zentzu zientifikoan eta gaur egun ulertzen dugun bezala) kontatzea, baizik eta
istorioak narratzea; istorio horiek dira, azken batean, bizipen pertsonal
sakonen narrazioak.
Edozein narrazio beti testuinguru
kultural batean egiten da eta testuinguru kultural horretan ulertzen da.
Besteak beste, horrek esan nahi du kristau belaunaldi bakoitzak bere
ebanjelio-narrazioa egin behar duela, inoiz pentsatu gabe Ebanjelioa narrazio
batean (kultura batean kokatuta dagoen narrazioan) agortzen denik.
Gaurko kristau euskaradunak oso
testuinguru berezi batean bizi gara –hala ere, konturatu gaitezen testuinguru
kultural oro bitxia dela. Testuinguru kulturala eta haren joerak ez dira inoiz
ere aukeratzen, errealitatearen datuak dira; kontua da pertsona nola kokatzen
den testuinguru horretan. Hori horrela, oso galdera interesgarria da
ondorengoa: gaurko kristau eta euskaradunen fedea zer nolakoa da?; zer
argitasun ditu?; zer iluntasun?; zer alaitasun?; zer sufrimendu?... Gaurko
kristau euskaradunen bizipenean ebanjelioa gertatzen ari da, inkulturatzen ari
da, oratzen ari da. Baina hori nola gertatzen den eta horretan zer gertatzen
den jakiteko, ez galdetu teologoei, ez soziologoei, ez adituei, soilik bizipen
hori duen jendeak erantzun baitezake, hots, beste askoren artean, guk geuk.
Beharbada, bizipenak narratzea
zer den deskribatzea komenigarria da. Hemen, tratatu bat egin gabe,
narrazioaren zenbait ezaugarri aletzea lagungarria izan daiteke:
- Narrazio interesgarriak dira
pertsonaren erraiak ukitzen (aztoratzen, mugitzen, larritzen, alaitzen…)
dituztenak.
- Subjektibotasunaren isla da
narrazioa, hots, gertakari (egoera…) esanguratsu bat pertsonak nola bizi (izan)
duen.
- Gehienbat, sentimenduak,
emozioak, oro har, bizipenak dira narratzen direnak.
2
- Bizipenak narratzea ez da
gogoeta egitea; gogoeta egitea zilegi da eta komenigarria, baina beste kontu
bat da.
- Bizipenak bizipen dira eta ez
dira juzkatzen.
- Bizipenak narratzeko ez dago
eredu bakar bat; pertsona bakoitzak berea aurkitu behar du.
- Bizipenaren narrazioa oso
subjektiboa izan arren, ahalegina egiten du besteek (entzuten dutenek) ulertu
ahal izateko.
- Bizipenen narrazioa soilik
konfiantzazko giro batean egin daiteke.
2. Proposamenaren helburua
Gure taldean –oraindik
izengabekoa– biltzen garenok kristauak gara eta euskaradunak eta bata –kristau
izatea– zein bestea –euskaraduna izatea– estimu handian dugu, baina badakigu
–esperimentatzen dugu– batak zein besteak ur harrotuetan nabigatzen dutela
–jitoan daudela esatera ausartuko nintzateke–. Testuinguru horretan, denetariko
bizipen sakonak izango dira, nork bereak, baina, aldi berean, testuinguru
partekatu batean kokatuta.
Hori guztia dela eta, ekimenaren
helburua soila da (soila baina sakona eta hauspo handikoa):
Gure euskaradun izaeran, gure
fede bizipenak partekatzea.
Zer emaitza espero dezakegu
helburu horretatik?
1) Nork bere fede bizipen sakonei
hitz jartzea, nahiz eta totelka izan
2) Besteen fede bizipenetatik
edatea
3) Elkarri adore ematea ez
etsitzeko gaurko gure baldintzetan
4) Kontzientzia partekatua
aberastea eta zabaltzea (edo beste modu
batean esatera, tradizio bat
egiten laguntzea)
5) …
3. Nola eratu proposamena
3.1. Foku bat aukeratzea topaketa
bakoitzeko.
Zer da fokua? Gure testuinguru
kulturalak fede pertsonalari hainbat bizipen sakon eta ziragarri eragiten
dizkio. Bizipen horiek galdera moduan jarri daitezke: Zein da zure otoitzaren
esperientzia? Nola bizi duzu Eliza?
Zure bizitzan izan den
fede-bizipenik argiena? Zein da zure fede bizipenean ziurtasun argiena? Zein da
zure fede bizipenean arrakalarik handiena? Nola bizi duzu muturreko gutxiengoa
izatea?...
Galdera horiek guztiak adibideak
baino ez dira. Horietako bakoitzak foku bat seinalatzen du.
Kontua izango litzateke foku bat
aukeratzea topaketa bakoitzeko.
Aukeratutako fokua edozein dela
ere, ziur aski guztiok izango dugu bizipenen bat horri lotuta.
3.2. Fokua aukeratu eta gero,
foku horrekin lotuta testu iradokitzaile bat bilatzea eta banatzea.
Testu hau hurrengo topaketa baino
lehenago bidaliko litzaike partaideei, aldez aurretik irakurri ahal izateko.
Testuak ezaugarri hauek izan beharko lituzke:
- Labur samarra izatea (bizpahiru
orrikoa).
- Euskaraz emango genuke.
Jatorrizko testua beste hizkuntza batean balego, itzuli egin beharko genuke.
- Aukeratutako fokuari modu
argian lotua.
3
- Bizipena(k) gaztigatu behar
ditu eta ez ideiak edo planteamenduak. Testua ez da berez gogoeta teologikoa, bizipen
pertsonalaren komunikazioa baizik.
- Iradokitzailea eta, neurri
batean, probokatzailea.
3.3. Partekatzea talde txikian
Taldeak bost eta zazpi tarteko
kidekoak izan daitezke.
Taldeak ausaz osatu daitezke (edo
agian beste modu batean).
Taldeko bileraren hasieran
komenigarria da helburua eta dinamika gogoratzea (beharbada, talde bakoitzean
dinamizatzaile bat egotea komenigarria izan liteke).
Lehenengo pausoan, bidalitako
testua irakur daiteke; taldeko baten batek irakur dezake guztientzat.
Bigarrenean, galdetu daiteke ea
ondo ulertzen den, edo zerbait argitu behar den.
Hirugarrenean, partaide bakoitzak
aukeratzen du ideia bat (esaldi bat, paragrafo bat) bereziki iradokitzailea
iruditzen zaiona. Azaldu dezake laburki zergatik iruditzen zaion esanguratsua.
Azkenean, nahi duenak partekatu
dezake zein den bere bizipena gai honetaz. Parte hau oso librea da. Baten batek
nahiago du isilik egotea, besteren batek esaldi bat aukeratu dezake bere
bizipena partekatzeko, besteren batek fokua bere osotasunean… Ez da ezer adostu
behar. Inoiz ere ez da ezer eztabaidatu behar. Dinamika honen helburua ez da
egia identifikatzea. Soilik entzutea.
Talde osoaren aurrean zerbait
partekatu daiteke? Pentsatu beharko